Legeen izenak euskaraz

Jakina denez, legeei izenak jartzeko hainbat eredu erabiltzen dira euskaraz. Halaber, legeen izen horiek hainbat modutara aipa daitezke testuan (osorik, laburturik, moldatuta…), kontuan izanda zein diskurtso-mota den, zer erregistro erabiltzen den (teknikoa, orokorra, zabalkundekoa…) eta testuaren zein ataletan aipatu behar diren (idazpuruan, aurkibide batean, testuaren barruan…). Edonola ere, legeen izenek joskera konplexua dute eskuarki, eta ez dira beti errazak eratzen eta erabiltzen, besteak beste, erdal izenen ordainak izaten direlako normalean. Horrela, bada, maiz izaten dira zalantzak legeak izendatzeko eta legeen izenak aipatzeko moduen inguruan.

Hain zuzen ere, zalantza horien inguruan hainbat ideia eta proposamen trukatu dira aurtengo otsailean Euskal Itzultzaileen, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZE) ItzuL posta-zerrendan eta, horren harira, bi artikulu argitaratu dituzte 2Itzul Itzultzaileen Irizpen Biltegian Patxi Petrirenak eta Iñaki Iñurrietak; biak ere itzulpen juridikoak egiten aritutakoak. Lehen artikuluan Patxi Petrirenak egun legeak izendatzeko eta aipatzeko erabiltzen diren ereduak aztertzen eta alderatzen ditu. Bigarren artikuluan, berriz, Iñaki Iñurrietak tradizio zaharretik berreskuratutako beste aukera bat azaltzen du.

Edonola ere, solas honetan parte hartu dutenek berek agertzen dutenez, kasuistika nahiko zabala da, eta, kontua da aztertzea zein den aukerarik onena kasu bakoitzean. Oraingoz, hortxe ditugu euskarak eskaintzen dituen aukera nagusiak bi artikulu horietan jasota. Guztiz jakingarriak eta kontuan hartzekoak biak ere lege-kontuen inguruan euskaraz ari diren guztientzat.