LEGE-HIZKERAREN INGURUKO ZALANTZAK ARGITZEKO
hizkuntza-baliabideak euskaraz

Azken hamarraldietan hainbat erakunde, itzultzailek eta hizkuntzalarik ahalegin emankorra egin dute prosa juridikoa lantzeko eta garatzeko. Horri esker, corpus zabala osatu da, eta Zuzenbidearen alorrerako proposatu diren irizpideak eta finkatzen joan diren erabilerak ere era askotako kontsulta-baliabidetetan bildu dira. Horietako gehienak sarean jarri dira eskuragarri azken urteotan. Hurrengo zerrendan jaso dira erabilgarrienak.

Bere izenak ageri duenez, lege-hizkera legegintzaren diskurtsoan egiten den hizkuntzaren erabilerari dagokio. Edonola ere, nahiz eta sorburuz lege-testuetan gauzatzen den, askotariko testuinguru eta testuetan erabiltzen da, Zuzenbideak eguneroko bizitzaren hainbat eta hainbat esparrutan baitu sarbidea. Jakina denez, lege-testuek ezaugarri diskurtsibo, egiturazko eta formal zehatz batzuk dituzte eta adierazpide konbentzionalak erabiltzen dituzte; betiere, Zuzenbidearen oinarriak, normografiaren jarraibide orokorrak, teknika legegileen prozedurak, estilo-irizpide linguistikoak eta terminologia juridikoa aintzat hartuta. Horiek horrela, hainbat protokolo egongo dira legeak proposatzeko, garatzeko, idazteko, interpretatzeko eta balioesteko, eta horiek guztiek eragin nabarmena izango dute lege-testuaren elaborazio linguistikoan. Elaborazio horrek hainbat baliabide arretaz aukeratzea eskatzen du: marka diskurtsiboak, formulak eta esapideak, terminologia juridikoa, eta abar. Zeregin horretan oso lagungarriak dira testu-ereduen biltegiak, corpusak, estilo-liburuak, glosarioak…

Legegintza elebidunaren edo eleanitzaren kasuan, bestalde, oraintxe aipatu ditugun diziplina horien guztien ekarpenei Zuzenbide Konparatuaren, Hizkuntza Zuzenbidearen eta Itzulpengintza Juridikoaren ekarriak erantsi behar zaizkie. Izan ere, lege-testu elebidun edota eleanitzak idaztean, eragin erabakigarria izan dezakete bi hizkuntzen lege-estatusak, horien garapen funtzionalak eta euren arteko harreman soziolinguistikoak. Horrela, aldagai horien arabera, hizkuntza ezberdinetan egindako testuak bata bestearen mendeko izango dira kasu batzuetan, baina elkarkideak ere izan daitezke beste batzuetan; bai balio juridikoaren ikuspegitik eta baita hizkuntzaren erabileraren aldetik ere. Esparru honetan sortzen da korredakzioa edo idazketa elebiduna izeneko legegintza-prozedura. Itzulpengintza-prozesu klasikoaren aldean, idazketa elebidunak lege-testuen hizkuntza ezberdinetako bertsioen arteko parekotasun juridiko eta funtzional osoa bermatzea du helburu. Horretarako, ezinbestekoa da bi lege-hizkerak doitzea eta harmonizatzea; bestela, nekez izango dira bi bertsioak bata bestearen pareko. Zeregin horretan oso baliagarriak izango dira kontsulta-baliabide elebidunak (edo, kasuaren arabera, eleanitzak): datu-base terminologikoak, lege-testu elebidunen corpusak, itzulpen-memoriak…

Alabaina, aitortu behar da euskarazko lege-hizkera ez dela oraindik gaztelaniatik askatu, gehienetan euskara oraindik itzulpen-hizkuntza baita legegintzaren alorrean. Izan ere, legeidazketan erdarek dute oraindik nagusitasun osoa (gaztelaniak Hego Euskal Herrian), eta euskarazko bertsioak lege-testuak idatzi osteko itzulpenak dira gehienetan. Alabaina, euskal legelari, itzultzaile eta hizkuntzalariek, urrats nabarmenak egin dituzte euskarazko legehizkeraren eredu beregain eta homologagarria garatu eta finkatzeko; eta, horri esker, aterabide eraginkorrak aurkitu dituzte lege-testu elebidunen idazketak eta itzulpenak sortzen dituzten buruhausteak, zailtasunak eta kezkak argitzeko, konpontzeko eta arintzeko. Ahalegin horren emaitza dira, besteak beste, gaur egun sarean eskuragarri ditugun hainbeste kontsultabaliabide. Baliabide horien bitartez, bertatik bertara eta berme handiz argi lege-hizkerarekin lotutako hizkuntza-zalantza asko eta asko. Sareak eskaintzen dituen zabalkunderako aukerei esker, bestalde, edozein profesional, hizkuntzalari zein herritarren eskura jar daitezke baliabide horiek, eta horrek errazten du euskarazko lege-hizkeraren zabalkundea, harmonizazioa eta finkatzea. Ikuspegi horretatik, kontsulta-baliabideak funtsezkoak dira itzulpen-estrategiatik askatzen hasi eta korredakzioaren bideak jorratzen hasteko. Alegia, funtsezkoak dira itzulpengintzak eta hizkuntzalaritzak euskara juridikoaren garapenari egin dioten ekarria Zuzenbidearen profesionalen eskuetan jartzeko, eta, horrela, euskara erabateko funtzionaltasunez erabili ahal izateko legegintzan.

Egun, euskararen erabileraren inguruko kontsultak egiteko baliabide ugari daude sarean eskuragarri. Horietako batzuk hizkuntzaren erabilera orokorrarekin zerikusia duten zalantzak argitzeko balio dute gehienbat. Alabaina, esan berri denez, badira, halaber, lege-hizkerari dagozkion hizkuntza-auziak berariaz jorratzen dituztenak ere. Horien arteko gehienak legehizkera lantzen ari diren erakunde edota norbanakoen esperientziaren emaitza dira; alegia, legegintzan edota lege-itzulpenean izandako eskarmentuaren erakusgarri. Baina, badira, halaber, modu sistematikoagoan landutako eta garatutako baliabideak ere; alegia, esperientzia horiek erkatu eta hurbiltzeko asmoz eginak. Ahalegin partekatu horri esker, pentsatzekoa da epe ez oso luzean, bateratzen eta finkatzen joan ahal izango direla lege-hizkerarako euskaraz proposatu diren ereduak. Aldi berean, espero izatekoa da, ahalegin horiei esker eredu egokiak garatzen joatea lege-hizkera testuinguru eta testu ezberdinetan modu funtzional eta
eraginkorrean erabili ahal izateko; ez lege-testuetan bakarrik (horiek ere denak era berekoak ez direla ahaztu gabe), baizik eta baita beste testu batzuetan ere: akademikoak, didaktikoak, zabalkundekoak, eta abar.

Ibilbide horretan beste urrats bat ematen laguntzeko, hona hemen sarean kontsulta daitezkeen baliabideen zerrenda bateratua. Ikus daitekeenez, hainbat erakunde, elkarte eta eragile ari dira modu aktiboan lege-hizkera lantzen euskaraz, eta sarean partekatzen dituzte beren lanaren emaitzak. Eskaintzen dituzten baliabideetan kontsultak eginez egiazta daitekeenez, ez datoz beti bat ez irizpideetan ezta proposamenetan ere. Baina, goragoko lerroetan esandakoagatik, kontsulta gurutzatuak egitea eta proposamen horiek erkatu eta aztertzea funtsezkoa da bateratze-bidean aurrera egiteko. Oso lagungarria izango litzateke tresnaren bat izatea (Euskalbar barraren antzekoa, adibidez), kontsulta horien emaitzak batera eskuratu ahal izateko. Baina, halakorik ez dugun bitartean, baliagarria gerta daiteke helbide elektroniko jakingarrienak eskura izatea. Horixe da, bada, Euskara Juridikoaren Atariaren atal honetan eskaini nahi izan duguna. Horretarako, kontsulta-baliabideak zortzi kategoriatan banatu dira:

  • Lege-testuak euskaraz: liburutegi juridikoak
  • Jurisprudentzia euskaraz
  • Inprimaki eta dokumentu normalizatuak
  • Hiztegiak eta datu-base terminologikoak
  • Corpusak eta itzulpen-memoriak
  • Estilo-jarraibideak
  • Euskara juridikoari buruzko artikuluak eta ikerketak
  • Zuzenbidearen alorreko hizkera lantzeko prestakuntza-materialak

Baliabide guztiak ez dira elkarren pareko ez eskaintzen duten informazioaren kalitatearen ezta informazioaren ugaritasunaren aldetik ere. Kontsultak egiteko moduak ere desberdinak dira gunearen arabera, eta horrek oztopatu egin dezake batzuetan eskuratutako informazioaren balioespena. Izan ere, lehen esandakoagatik, komenigarria dirudi baliabide horien azterketa